24 SEMANA DE LA FAMILIA /// 24 FAMILIAREN ASTEA
Semaforo adimentsuaren eredua – AFAE
October 13, 2018

Semaforo adimentsuaren eredua

Familia adimentsuak proiektua

Heztea ezinbestekoa izatetik ezinbestekoa ez izatera pasatzea da. Ortuñori asko gustatzen zaio gurasoei esaldi hori aipatzea ikastaroetan eta terapietan.

Haurtxoa jaiotzen denean ez daki erabakirik hartzen: ezinbestekoak ditu zaintzaileak. Baina tresna boteretsuak ditu heltzeko eta hazteko; alegia, haren lekuan guk hartzen ditugun erabakiak lehenago edo geroago haiek hartzeko. Hasiera batean gure laguntzarekin egingo dute, baina gero gu ondoan gaituztela besterik gabe.

Familia adimentsuak proiektuak hezkuntza-lana praktika onetan aurrera eramaten laguntzen die gurasoei, seme-alaben garapen ebolutiboarekin bat eginez, errietetara jo gabe, edo zigorrak, sermoiak edo xantaiak erabili gabe, eta atxikipen segurua eraginkortasunez eraikiz, bi oinarriren gainean:

  •   Baldintzarik gabeko laguntza: umeak sentitu behar du beti maitatzen zaiola, egiten duena egiten duela. Nabaritu behar du bere gurasoak beti daudela eskura behar duenean; haiengana erraz irits daitekeela eta bere beharrekiko sentikorrak direla. Ikusten badu onartu eta maite dutela, seguru sentituko da, eta hazi eta heldu nahiko du, eta ardurak hartu.
  •   Begirunezko kontrola: bere autonomia modu progresiboan eraikitzeko lagunduko diona. Erabaki dezakeena erabakiz, mugak modu adimentsuan eta enpatikoak ezarriz, konfiantzaz, errespetuz, koherentziaz eta sinesgarritasunez egiten utziz.

Hazteko prozesua eta erabakiak hartzea eskutik doazelako, izan ere. Erabakitzea, orobat, adimena bultzatzea da. Adimena prozesatuta daukagun informazioa modu egokian erabiltzeko gaitasun gisa defini daiteke, horrela egoera jakin bat konpontzeko eta aldaketei –berrikuntzei– egokitu ahal izateko.

Hezkuntza, besteak beste, gure seme-alabak adimentsuak izaten lortzean datza, alegia, erabakiak hartzen jakitea, aurrea hartzea, beren ongizateari eragiten dioten arazoak konpontzea, aurkitzen duten errealitateari egokitzea. Hori da, izan ere, Familia adimentsuak proiektuaren helburua.

Zein tresna erabiliko ditugu horretarako?

Semaforo adimentsua: hazieraren ohiko gatazkak konpontzen –eta prebenitzen– laguntzen duen teknika erabilgarri eta eraginkorra. Teknika hau hiru gaitasun handi entrenatzean zentratzen da:

  • EZ esatea
  • Negoziatzea
  • Ardurak pasatzea

Familiek hiru egoera desberdintzen ikasi behar dute; hiru zona horiek beti azaltzen dira elkarrekin hezkuntza-guneetan, eta bat datoz semaforoaren koloreekin:

1. ZONA: helduak du egoeraren kontrola: ardura hartu behar du bere haurrak babesteko. Alabak edo semeak oraindik ezin dio aurre egin errealitate horri; ez du gaitasunik erabakitzeko. Autoritatea modu enpatikoan erabiltzen den gunea da; alegia, bestearen jarrera eta iritzia kontuan hartuz. Negoziazioak lekurik ez duen egoerak dira. EZ bat da. Semaforo gorria da.

2. ZONA: egoeraren kontrola parteka daiteke eta partekatu behar da. Semea edo alaba protagonista izan daiteke hemen: baliabideak ditu parte hartzeko eta erabakitzeko, eta ardurak har ditzake. Bai helduak eta bai adingabeak erabakiak har ditzakete, negozia dezakete. Egoera honetan konpromisoak haiekin batera hartzen dira, haiengan konfiantza dagoelako, eta haien erabakiak errespetatzen dira, obedientzia bilatu gabe edo zigorrik erabili gabe. Semaforo horia da.

3. ZONA: egoeraren kontrola eta ardura alabarena edo semearena dira erabat. Bere –ez bere gurasoen– bizi-proiektuari eragiten dioten erabakiak hartzen ditu. Gurasoek laguntzen ikasten dute, alabak edo semeak egoki deritzonean hor egoten, erabakiak hartu behar dituenean konfiantza osoa erakusten, eta, batez ere, alabak edo semeak nabaritu behar du bere erabakiak errespetatzen direla. Semaforo berdea da.

 

Laburbilduz: semaforo adimentsuaren teknikak laguntza handia ematen die gure seme-alabei:

  • aurrea hartzen
  • antolatzen
  • planifikatzen
  • beren emozioak eta jokabideak kontrolatzen
  • ardurak hartzen
  • helmugak eta helburuak markatzen
  • autonomoak izaten
  • beren buruak motibatzen
  • beren erabakiak hartzen.

Horretarako, sinesgarriak, koherenteak, goxoak, adeitsuak, malguak, seguruak… izan behar dugu.